Hemen zaude:

  1. Hasiera
  2. Bilduma iraunkorra
  3. Indar armatu foralak
  4. Gipuzkoako Mikeleteak

Gipuzkoako Mikeleteak

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiek, XVIII. mendearen amaieran hasita, euren menpe egongo ziren eta denek antzeko eginkizunak izango zituzten gorputz armatuak eratu zituzten. Gorputz armatu haien egitekoak hauexek ziren: ordena publikoari eustea eta lurralde administrazioko zenbait lan egitea.Lehenengoz eratu zituztenetik (1796) eta lehen Karlistada arte (1833-39), foru gorputzek gorabehera handiak izan zituzten: deseginak eta berreratuak, kopuruz murriztuak eta handituak. Aldaketen arrazoiak denetarikoak izaten ziren: ordena publikoaren beharrak, behar militarrak eta, zenbaitetan, baita behar politikoak ere.

Bigarren Karlistadaren hasieran, foru gorputz armatuak liberalen gudarosteko talde militar bihurtu ziren. Gipuzkoako Mikeleteen Araudia 1882. urtean onetsi zuten, hura eguneratzeko izandako arazoak gainditu ondoren. XIX. mendearen bukaeratik 1936 arte Gipuzkoako Mikeleteen lanak batez ere administratiboa izaten jarraitu zuen. Ondorioz, mikeleteen kopurua handitu egin zen, Aldundiaren diru baliabideak eta administrazio lanak handitu ziren neurri berean.

Euskadin gerra zibila amaitutakoan, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ekonomi Ituna deuseztatu (1937ko ekainaren 23an) eta handik bi hilabetera, Iparraldeko Armadaren Jeneral Buruak Gipuzkoako Mikeleteak eta Bizkaiko Foruzaingoa desegiteko agindua eman zuen, bukatu berria zen gudan galtzaile izan zirenen alde borrokatu zutelako. Arabako Minoiak, berriz, ez zituen desegin. Diktadura bukatu eta demokrazia etorri zenean eskubide historikoak berrezarri eta eguneratu ahal izan ziren, 1978ko Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarria izan zela bide. Autonomi Estatutuak, 17. artikuluko bosgarren paragrafoan, Ertzaintza eratu zuen; eta foru gorputzen berrezarpenari dagokionez, bat dator 1980ko abenduaren 22ko Errege Dekretuarekin.

Gipuzkoako  Mikeleteak

Dokumentazioa

Uniformeak

Esteka interesgarriak